Eragiketen Lehentasuna

Eragiketa-kate bat daukagunean honela jokatu behar da:

1. Katea batuketaz eta kenketaz osatuta baldin badago, eragiketak ezkerretik eskuinera egiten dira, idatzitakoaren hurrenkerari jarraituz. Era berean egiten dira biderketaz eta zatiketaz osatutako kateak.
2. Katean batuketez eta kenketez gain biderketak eta zatiketak daudenean, eragiketen lehentasunaren arabera, hasteko, biderketak eta zatiketak egin behar dira eta, ondoren, batuketak eta kenketak idatzitako ordenan.
3. Lehentasun-arau hori apurtu nahi denean, parentesiak erabili behar dira. 
Eragiketa-katean parentesiak agertzen badira, lehenik parentesiko eragiketak egin behar dira eta, gero, gainerako eragiketekin jarraitu idatzitako hurrenkeran.
Adibidez, 10 · 4 + 3 eragiketan, eragiketen lehentasuna aintzat hartuz, lehenik, biderketa egin beharko litzateke eta 10 · 4 + 3 = 43 izango da eragiketaren emaitza. Baina, gure nahia lehenik batuketa egitea bada, ezinbestean parentesiak erabili behar dira, lehentasun-araua urratzen ari baikara. Eragiketa berri horren emaitza oso bestelakoa da: 10 · (4 + 3) = 10 · 7 = 70.
Adibideak argi uzten duenez, eragiketen ordena kontu garrantzitsua da, ordena bat ala bestea hautatuta emaitza ez baita bera. Ondorioz, eragiketak egiteko eta adierazteko garaian eragiketen lehentasuna aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan