Digestioa

Gizakiok digestioaren bitartez bihurtzen ditugu janariak mantenugai asimilagarri gure gorputzerako.
Elikagaietatik lortzen ditugun mantenugai horiek oxigenoarekin erretzen dira zeluletan, eta errekuntza horretan sortzen da behar dugun energia. Energia horren bidez egiten ditugu ekintza guztiak.
Digestioa hiru fase nagusitan bana genezake: ahoko fasea, urdaileko fasea eta hesteetako fasea.
Ahoko fasea
Janariak birrindu eta murtxikatu egiten dira ahoan, hortz-haginei esker.
Era berean, janariak listuarekin bustitzen dira ahoan, eta elikadura-boloa sortzen da, irensteko prest. Listuaren eraginez, karbohidratoen zati bat digeritzen da, zenbait karbohidrato listuaren eraginez elikagai sinple (mantenugai) bihurtzen baita. Elikadura-boloa irensten dugunean, hestegorritik urdailera jaisten da.
Urdaileko fasea
Urdaila zorro kurbatu baten antzekoa da, eta han biltzen dira janariak hiru bat orduz digestioarekin jarraitzeko.
Urdailaren barnealdeko guruinak urdail-urinak (urin gastrikoak) sortzen dituzte. Urin horiek azido klorhidrikoz osatuak daude, eta bakterioak suntsitzeaz gain, janarien hainbat osagai bereizten dituzte.
Azido klorhidrikoaz gain, urdaileko barne-paretako mukosak pepsina jariatzen du. Substantzia hori proteinen digestioaz arduratzen da gehienbat.
Aipatutako urinen eraginez jandakoa ore bihurtzen da urdailean. Gero, ore hori urdailetik duodenora joaten da, eta han, behazunarekin eta are-urinarekin nahasi.
Hesteetako fasea
Hesteak dira digestio-hodiaren zatirik luzeena, han mantenugaiak xurgatzen dira eta digestioaren azken fasea gertatzen da.
Heste meharrak zazpi metro inguruko luzera du, eta lehenengo zatiari duodeno deitzen zaio. Duodenoan isurtzen da behazuneko urina. Urin horrek gantzak desegiten ditu. Pankreako urina ere duodenora isurtzen da. Urin horrek proteinak eta karbohidratoak digeritzen ditu.
Gero, mantenugaiak (proteinak, karbohidratoak eta koipeak) hesteetatik odolera pasatzen dira. Mantenugai horietako zati handi bat gibelean metatzen da glukogeno eran.
Heste meharrean bidaia egin eta xurgatu gabe geratu diren hondakin guztiak heste lodira pasatzen dira. Han lehortu egiten dira hondakinak eta gorotz bihurtu. Azkenean, uzkitik kanporatzen dira.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan